Euskal herriko hondartzak (unai)
-Euskal Herriko kostaldean, batez ere mendebaldean, arroka gogorrak dira nagusi eta hondartzak itsaslabarren artean agertzen dira. Ipar-ekialderantz joan ahala, ordea, gero eta toki gehiago dute zabaltzeko. Hondartza txiki asko dago metro gutxi batzuk baino ez duena, baina badaude kilometro batetik gora luzatzen direnak ere.
Hareazkoak zein legarrezkoak izaten dira Bizkaiko Golkoko hondartzak. Horietako asko itsasaldera irekita daude, batzuk erabat agerian eta beste batzuk txokoetan kokatuta. Horrelako hondartza gehienak estuak dira, sarritan itsaslabar batek mugatzen baititu atzetik. Horren adibide dira, besteak beste, Sopelako hondartzak eta Azkorrikoa.
Bestalde, hondartza nagusi gehienak itsasadarretan daude kokatuta. Horietan garrantzi handia du ibaiaren eta itsasoaren arteko elkarrekintzak. Tamaina askotakoak izan daitezke, eta horrelako inguruetan daude Euskal Herriko luzeenak, Hendaiakoa eta Zarauzkoa kasu. Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasadar guztietan egon dira naturalki sortutako hondartzak, nahiz eta batzuetan desagertu egin diren.
-Badietan ere aurki ditzakegu, nahiz eta gutxi diren Euskal Herrian. Ezagunena Donostiakoa da, eta metaketarako leku onak dira horrelakoak, fase higatzailean energia gutxi daukate eta.
Donostian tonbolo bat ere egon zen, baina eraiki egin zen haren gainean, eta erabat estali zen. Mota horretako egituren beste adibide bat bada oraindik Lekeition, baina hark ere pairatu du gizakion nolabaiteko eragina.
Euskal Herriaren erliebearen eraginez, populazioa ibai-haranetan biltzen da, eta baita kostalde eta itsasadarretan ere. Hortaz, garapen industriala ibai-arroetan eta itsasadar gehienetan gertatu da. Gainera, lantegien eta populazioaren jarduera ibaien gainean hasi eta itsasertzeraino iristen da.
Horrek eragin handia izan du kostaldean, eta azken urteetan hainbat hondartzatako elementuak edo hondartza osoak desagertu dira. Ibaizabalen itsasadarrekoak dira, besteak beste, horren adibide. Batzuetan hori eragin duen jarduera hondartzetan bertan gertatu da, baina beste batzuetan lur barneko zein kostaldeko elementuetan eragiteak zuzenean kaltetu ditu hondartzak. Esate baterako, dikeak eraikitzeak edo ibaiak eraldatzeak erabat aldatu dute Gorliz, Gros eta beste hainbat hondartzaren dinamika.
-Gaur egun hondartza erabat artifizialak ere badira euskal kostaldean, Hondarribikoa kasu. Aisialdirako eman zaizkie dituzten ezaugarriak eta sarritan harea eraman behar izaten dute periodikoki, adibidez, Angeluko hondartzara. Izan ere, hondartza artifizial asko ez daude metatzeguneetan kokatuta eta etengabeko higatzea jasaten dute.

Zabaldu
del.icio.us