Gernikako Suntsiketa (unai)
Suntsiketa faxistaren 70.urteurrena
Otxandio izan zen 1936ko gerran hegazkin eraso gogorra jasan zuen lehenengo hiria. Uztailaren 22an gertatu zen, goizean, herriko jaietan, eta 57 pertsona geratu ziren Andikonako plazan hilda. Gerra hastearekin batera hainbat gudu hegazkin heldu ziren Italiatik eta Alemaniatik, Savoia-81 italiarrak eta Junker-52 eta Heinkel-51 alemanak batez ere, eta laster ikusi zen airea menperatzen zuena izango zela azkenean irabazlea. Otxandion hasitako taktika, populazio zibilaren kontrako hegazkin-erasoa, Irunen, Donostian eta beste hainbat hiritan eraman zen aurrera, baina Durangon eta gero Gernikan gauzatu zen gogorren.
Gerra hasi zenean, Durango herri lasaia zen, mendiz inguraturiko haran zabalean. Handik pasatzen zen Donostiatik Bilborako bidea, eta Gasteizera doana Urkiola gainetik, eta Elorriora doana AbadiƱon zehar; eta trenbideak ere pasatzen ziren bertatik.
Ez zen handia Durango, 8.797 biztanleko errolda zuen, baina gerrarekin iheslari asko etorri zen Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba aldetik batez ere. Politikaren alorrean, tradizioz jasotako karlismoarekin identifikatzen zen jende gehiena. Gerra hasi zenean, Durangoko Udalean bi zinegotzi bakarrik ziren Frente Popularrekoak, hiru Alderdi Jeltzalekoak eta zortzi tradizionalistak; gehi alkatea, Adolfo Uribasterra, hau ere karlista.
Gerrapean ez zen gertaera bereziki ankerrik ezagutu Durangon, 1936ko irailaren 25ean gertatu zena salbu. 11.00ak aldera, Gasteiztik heldutako hegazkinek hainbat bonba jaurti zituzten Durangora. Bonba horietako bat Ezkurdiko frontoira jausi zen, Gipuzkoa aldetik heldutako iheslari ugari zeudela bertan. 12 hildako eta zauritu asko jaso behar izan ziren. Iheslari haiek eta milizianoek berehala hartu zuten mendekua, bide errazenenetik. Durangoko udal-kartzelara joan ziren, zaintzaldian zegoen mutila lotu, presoak ziegetatik atera, Santi Kurutzeko kanposantura eraman eta bertan hil zituzten tiroka. 22 preso akabatu zituzten, uztailaren 18an matxinatzeko prest egondako erreketeak gehienak. Presoetatik bakar batek salbatu zuen bizitza: Feliciano Lebariok. Udaletxeko idazkaria zen eta, karlista militantea zelako preso egon arren, udaletxean lan egiten uzten zioten, beharra egin ondoren kartzelara itzultzeko tratuarekin. Irailaren 25 hartan, bonbardaketan eta gero kartzelan zer pasatu zen jakinda, Feliciano
Lebariok kartzelara itzuli beharrean ihes egin zuen eta Orozketa aldeko baserriren batean geratu zen ezkutatuta luzaroan, harik eta udaberriarekin karlistak Durangora irabazle sartu ziren arte.

Zabaldu
del.icio.us