2007 ko HAUTESKUNDEAK (alberto)
Zapatero: "Alderdien Legea betetzen dutenek besterik ez dute parte hartuko"
2007/04/29
PSOEk Iruñan egindako ekitaldi batean, "demokraziak arau batzuk" dituela esan du Gobernuaren presidenteak, eta terrorismoaren aurkako borrokan laguntzeko eskatu die alderdiei.
Datozen hauteskundeetan Alderdien Legearen arauak eta edukia errespetatzen dutenek soilik parte hartzeko lan egingo dutela Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuaren presidenteak.
Iruñan egindako PSOEren ekitaldi batean, "demokraziak arauak" dituela adierazi du Zapaterok, eta "Gobernuak Alderdien Legea bere osotasunean aplikatuko" duela bermatu du.
Hori izan da ezker abertzalea maiatzaren 27ko hauteskundeetan egoteari buruz Gobernuaren presidenteak egin duen aipamen bakarra. Ez du EAE aipatu, ez eta Abertzale Sozialistak izenarekin aurkeztutako hautagaitzak ere.
Alderdiei terrorismoaren aurkako borrokan lagun diezaiotela ere eskatu die. Horren ildoan, Miguel Sanz (UPN) Nafarroako presidentearentzako gaitzespen hitzak esan ditu.
"Nafarroako erkidegoaren presidentearen laguntza eduki izatea gustatuko litzaidake. Ez nion Nafarroa eskuzabal izango zela esatea eskatu izango. Zuhurra eta arduraduna izateko, eta Espainiako Gobernuari terrorismoarekin bukatzen laguntzeko eskatuko nioke", baieztatu du.


Zabaldu
del.icio.us